ES | EU | EN
Gobierno Vasco

Guraso agurgarriak,

    Ikasturte berri baten hasieran, zuen seme-alabak Elorrioko Institutuan eskolaratu dituzuen familiei ongi etorria eman nahi dizuet bai berrian berri zatozenei eta baita gurekin urte batzuk daramatzuenei ere. Ongi etorria eta esker ona azaldu nahi dizuet euskal eskola publikoak hemen Elorrion duen eskaintzaren alde egin duzuen hautuagatik eta gogoratu baino ez aurreneko lerro hauetan aurreko ikasturteko agurrean azpimarratzen nuena: Hezkuntza Komunitatea denok osatzen dugu eta zuen seme-alaben hezkuntza eta heziketa guztion lana denez, guztiok, modu orekatu eta koordinatuan jokatuz aurrera eraman beharko dugun bizitza-egitasmoa da.

     2011-2012.ikasturte honek bere argi-ilunak izango dituela ezin uka eta jadanik aurreko ikasturtetik jasatzen ari garen murrizketak berriro ere gogora ekarri beharra dago. Krisialdia gogor jotzen ari da gure gizartea eta gure familia zenbait ere eta ahal bait lasterren egoera honetatik irtetzea eta etorkizun oparoagoa aurreikustea da Hezkuntza Komunitate honek adierazi nahi duen gogoa eta bihotzez espero duena.

       Institutuan ere murrizketek eragina dutela ezin ukatu; adibide gisa kontuan izan irakasle baten gaixoaldia 5.egunetik aurrera ordezkatzen dela aurreko garaietan egunean bertan edo hurrengoan ordezkatzen zenean. Egoera honetan gure ikasleriak behar duenaren aldarria egitearekin batera, dugunarekin eskaini genezakeen hoberena eskaintzea da gure erronka nagusiena, jakinda eta aitortuta, zenbait egoerek erantzun zehatzagoak eska dezaketela eta agian egin ahalak eginda ere gure irakaskuntza-erantzuna urri gera daitekela.

       Gizarte eta hezkuntza ingurumaria honetan, gure aurtengo norabidea gidatuko dituzten helburuak hauek izango dira:      
  
   1.    Eskola 2.0 proiektua DBH 1era iritsi zaigu. Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak teknologia berriez ere lagunduta eskaintzea da helburua. Honetarako irakasleria prestakuntza saioak aurrera eramaten ari da nahiz eta oraindik orain tresneria teknologikoa ez den iritsi gure institutura.
    2.    Eskola Agenda 21ekin lotuta ESKOLA SOSTENIGARRIA ziurtagiria jaso dugu eta honek gure erantzunkizuna ere areagotuko du. Beste sare berri bateko kide izango gara eta gure ikasleengan sostenigarritasunaren garrantzia bai modu zuzenean eta baita zeharlerro gisa ere azpimarratzen saiatuko gara. Beste sare batzuetako kide ere bagara, besteak beste Kalitatea Hezkuntzan sarekoa. 
    3.    NORBANAKO TUTORETZA proiektuarekin jarraituko dugu hezkuntza berriztatzeko egitasmo gisa. Proiektu honetan, tutore orokorrez gain, beste hainbat irakaslek ere borondatez parte hartuko dute zuen seme/alabei eta baita zuei famili gisa ere hurbilagoko tutoretza eta aholkularitza lortu asmoz.
    4.    Hezkuntza Sailak bultzatutako MET deituriko proiektuan egon ez arren, Elorrioko Institutuak HEZKUNTZA ELEANITZAren aldeko apostua berresten du eta honela geure eredu propioa garatzen ari gara. Aurten eta datozen urteetan ere 2. DBHko ikasle guztiek Gorputz Hezkuntza irakasgaia ingelesez izango dute eta ikasturtez ikasturte curriculum-proposamen hau zabaltzen joango da.
    5.    Gure ikasleriaren ingeles-maila hobetzen joateko, 2011-2012.ikasturtean ere ingeles natiboa gure artean izateko eskaera luzatuta dago.
   6.    Azken ikasturteetan bezala, aurten ere 4.DBHko ikasleekin ELKARTRUKE EUROPEARRA aurrera eraman nahi dugu. Aurrekoetatik ikasita, aurten gure asmoa ikasle guztiek PEINE herriko IGS Peine ikastetxe integraleko ikasleekin trukaketa burutzea da. 
    7.    Aniztasunari erantzuna emateko Hezkuntza Premia Bereziko irakasleaz gain, HBSP (Hezkuntza Berariaz Sendotzeko Proiektua) proiektua izango dugu  eta baita Desberdintze Curricularreko taldea (DC) ere izango dugu hainbat ikasleri erantzun egokiagoa ematen saiatuko garelarik.
       8.    DBH LAN: Lan mundura lehen hurbilpena DCko ikasleriarentzat
    9.  Testuliburuen kudeaketa solidarioa. Aurten 2.DBHko familiek ere proiektu honetan sartzeko aukera izan dute eta uka ezina da egitasmo honek laguntza eskaintzen dion artean familiari ikastetxeari beste kudeaketa eta jarraipen lan bat atxikitzen diola. 
    10.    Eta amaitzeko ezin dugu ahaztu aurtengo ikasturtean gure HEZKUNTZA PROIEKTUA berrikusi beharko dugula behar diren egokitzapenak bideratuz Hezkuntza Komunitate osoaren ahotsa eta nahia jasoaz. Honekin batera TUTORETZA PLANA ere onartzeko urratsak emango ditugu.

     Jarritako helburu hauek eta egunerokotasunak gehituko dizkigunak erronka nagusi bati erantzuteko baino ez dira izango, hots, zuen semeei eta alabei hezkuntza eta heziketa maila egokiena eskaintzea.

     Gogoan izan dezagun beti, gure Institutua eraikitzearen ardura Hezkuntza Komunitate osoarena dela eta gu zuen seme/alaben heziketan bidelagun baino ez garela, argi utziz familien inplikazioa ezinbestekoa dugula guztiok nahi ditugun helburuak lor ditzagun.

      Zeresanik ez, gaur igortzen dizuegun dokumentu hau irakurri ostean zuen iritzien eta hobekuntzen zain geratzen natzaizue. Institutua zabalik duzue, zuen ezagutzaren eta gure ezagutzaren artean, ezagutza bakarra osa dezagun gure neska-mutilen garapen integralean lagungarri gerta dakien.


        Adeitasunez,
        JOSU ETXABURU OSA
        Elorrioko Institutuko Zuzendaria

© Elorrio BHI
Telefono: 946582713 | Fax: 946582713 | iesbhi@teleline.es