Zer da Agenda 21?
1. SARRERA
2. HELBURU NAGUSIA eta KONPROMISOAK
3. IKASTETXEAREN ANTOLAKETA ETA PARTAIDETZA
4. EBALUAZIO PROZESUA
1. SARRERA
Gure ikastetxearen hezkuntza proiektuan jasota dagoen legez eta hezitzaile modura gure ingurune hurbilean suertatzen diren zenbait ingurumen-arazok kezkaturik (hala nola, lursail eta basoen ustiapena, lurzoruen narriadura, industriak eragindako poluzioa, uren egoera eta trataera, trafikoa eta mugikortasuna, hiri hondakinen trataera, energia berriztagarrien erabilera murritza,...), arazo horiek ulertzera eta konpontzera bideratutako ingurumen-hezkuntza praktikoa eta esanguratsua bideratu nahi dugu, era berean ikastetxearen eta udalaren arteko lotura sendotu nahi dugu.
Elorrioko Institutuak zenbait ikasturteetan zehar Jasangarritasunerako Hezkuntzaren ildotik Ikastetxeko Agenda 21aren definizioari ekin dio, baina erabilitako hainbat baliabide didaktikoz gain, beste helburu eta ekintza batzuk martxan jarri ditu, esaterako, bioaniztasuna, hondakinen kudeaketa, aztarna ekologikoa, kontsumo iraunkorra bezalako gaien inguruan.
Proiektu honetan, bere balizko arrakastaren oinarria Hezkuntza Komunitate osoaren esku hartzea dela sinesten dugu, horretarako Eskola Agenda 21eko Ingurumen Batzordea eratu da, baina baita ere ikastetxean abian dauden gainerako proiektuekin modu egokian erkatzeko behar diren urratsak ere eman dira (Pedagogi Batzordea, Proiektuen koordinazioa, besteak beste).
Ekintza hauen bidez ikasleen motibazioa indartu egiten denez, oso egokitzat jotzen dira talde arruntetako ikasleekin lantzeko zein Desberdintzapen Curricularreko ikasleekin eta Hezkuntza Premia Berezidun ikasleekin lantzeko ere. (gora)
2. HELBURU NAGUSIA eta KONPROMISOAK
Eskola Agenda 21 JASANGARRITASUNERAKO HEZKUNTZArako urrats bat denez, helburu nagusi moduan errealitate hurbila oinarritzat hartuz eta estrategia desberdinak erabiliz ( aztertu, ezagutu, ikertu, komunikatu, planifikatu, lankidetza bultzatu, ekintzak burutu, motibazioa indartu) soluzioen bilaketan kementsu aritzeko gaitasunak garatu nahi ditugu. Gaur eguneko beharrak asetzeaz gain, etorkizuneko belaunaldiek izango dituztenak arriskuan jartzen ez duen garapena bultzatu nahi dugu, ingurune naturalen iraunkortasun-gaitasuna bermatuz.
Helburu nagusi hau lortu ahal izateko hauexek dira ikastetxe moduan onartzen ditugun konpromisoak:
• Tokiko Agenda 21ean parte hartu eta gizarte- eta lurralde-ingurunean integratu.
• Ikastetxeko eta udalerriko ingurumenaren kalitatean eragina duten erabakiak hartzeko egitura bat sortu (eskolako ingurumen-batzordea eta herri mailako eskoletako parte-hartze Foroa).
• Estamentu desberdinen partaidetza bultzatzeko, beharrezko mekanismoak martxan jarriko ditugu.
• Hezkuntza-komunitateko partaide guztien arteko koordinazio-mekanismoak sendotu.
• Dagokion aztergaia zehaztea eta ikastetxe mailan aztertu, datuak bildu, ondorioak atera eta alternatibak proposatu.
• Ikastetxearen diagnosia burutu arlo hauetan: kudeaketa, curriculuma eta partaidetza.
• Foroetan erabilera jasangarriagoa lortzeko konpromisoak hartu eta prozesuak abiarazi.
• Ikasleak beren ikastetxeko eta beren udalerriko ingurumenaren kalitatean eragina duten kontuetan parte hartu, lagundu, erabakiak hartu eta inplikatzen ohitu.
• Ikastetxea ingurumenarekin arduratsua eta abegikorra den praktika baten eredu bilakatu.
• Curriculuma garapen jasangarriak dakartzan eskakizunei erantzun ahal izateko egokitu.
• Eskola Agenda 21 delakoaren barnean eta baliabide gisa, eskola baratzea antolatu eta modu interdisziplinarrean landu.
• Proiektu honi esker ere, hezkuntza premia bereziei beste era batean erantzun. (gora)
3. IKASTETXEAREN ANTOLAKETA ESTAMENTU DESBERDINEN PARTAIDETZARAKO
Ikastetxeko Agenda 21 burutzeko irakaslez osoturiko Talde Sustatzailea eratu da, formakuntzako ordutegiaren barruan biltzen dena. Partaideen zereginak hauek dira: ekintzak burutzeko ekintza-plana diseinatu, Ingurumen Batzordea berritzeko eman beharreko urratsak bideratu, dagokien uneetan ebaluazioa burutu... guzti hau irakasle koordinatzailearen ardurapean.
Honez gain, Ingurumen Batzordeak estamentu desberdinen arteko koordinazioa bultzatzen du, irakasle, guraso, ez-irakasle eta ikasleen ordezkarien lanari esker.
Eskolako Agenda 21aren protagonista nagusia ikasleria da. Ikasleek arazoak aztertzen dituzte, kudeaketa neurriak martxan jarri, gaiak eztabaidatu eta proposamenak eskola foroan aurkezten dituzte. Bai Agenda 21aren antolaketan eta bai ikasgelako jardueran ere ikasleen partehartzea bultzatzen dugu, tutoretza-saioak, zenbait irakasgai-saio eta jolastorduak erabiliz.
Ingurumen Batzordean parte hartzen duen ikasleriak hurrengo betebeharrak izango ditu:
- Eskolako Agenda 21ean Ingurumen Batzordeko bileretan parte hartu.
- Ikaskideekin egindako diagnostikoa eta proposamenak Batzordean aurkeztu.
- Ingurumen Batzordean hartutako erabakiak bere ikaskideei aurkeztu.
- Foroan beste ikastetxeekin koordinatzen parte hartu eta proposamenak aurkeztu.
- Udaleko beste ikastetxeekin hartutako erabakiak ikaskideei adierazi eta gauzatzera bultzatu.
- Eskolako Agenda 21eko adierazleen onarpenean parte hartu .
Ez-irakasleak ezinbestekoak dira proiektuan,bereziki kudeaketaren inguruko erabakien jarraipena egiteko.
Gurasoek ere Eskolako Agenda 21 batzordean parte hartzeko aukera izaten dute, partaidetza bultzatzeko mekanismoak erabiltzen ditugu (ikasturte hasierako bilerak, berariazko saio informatiboak...) horrez gain, ikastetxean egiten ari denari buruzko orri informatiboak, galdera sortak, gomendioak… WEB orrialdean eskegitzen dira eta gutunak bideratzen dira etxeetara ikastetxean planteatzen diren erronka eta ohitura berriak etxean ere gauzatu daitezen.
Urtean zehar lantzen den gaiaren prestaketan ziklo eta mintegi guztien koordinazioa bultzatzen dugu, ahal den neurrian, trataera globala eta diziplinartekoa emanez gorago aipatu bezala, Pedagogi Batzordearen bidez. (gora)
4. EBALUAZIO PROZESUA
Kalitatea Kudeatzeko Sistemen barruan egiten dugun gisa, Eskolako Agenda 21aren adierazle zehatzak definitzen ditugu eta urtean zehar horien azterketa burutzen da. (gora)